XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bonapartek berak ere hizkera hori hautatu eta artamendatu zuen literatur gipuzkeraren eredutzat eta Aita Uriarte bizkaitarra giputz euskalkirako itzulpenez arduratu zena zeharo zetorren bat honetan Printzearen erabakiarekin.

Guzti hau dela eta, beraz, zentzuzkoa eta egokia begitantzen zaigu Azkuek ere Beterriko hizkera honi lehentasuna eman izana.

Azkuek, gainera eta honi ere arras jokabide zuhurra eta legezkoa deritzogu, osotu nahi izan zuen Beterriko hizkera.

Honekin, alde batetik, literatur hizkuntza hori aberatsagoa izan zedin lortu nahi zuen eta, bestetik eta ez zen hau garai hartan txantxetako kontua, giputz ez ziren hiztunengandiko gutxiagotasunezko konplexuak eta susmo txarrak nahi zituen uxatu eta zapuztu.

Azkueren asmoak ez zuen, hala ere, aurrera egin eta, pixkanaka, gainbehera etorriko zen ondorengo urteetan.

Lau dira, gure iduriko, hondamendi horretan zerikusia izan lezaketen arrazoi nagusiak: a) laguntzarik eta babes ofizialik eza, b) hizkuntz eredu hau behar bezain zehatz arautua ez egona, c) literatur tradizioa behar zen neurrian aintzakotzat hartu ez izana eta d) (zenbait) idazle giputzen jarrera txokozalea.

Azter ditzagun laurok banan-banan.

Behin baino gehiagotan esan izan da Azkue berazela gipuzkera osotua eta, izan ere, halaxe zen ez bait zuen bere atzean ez Euskaltzaindiaren babesik ez eta beste elkarte edo alderdi politikoren laguntzarik eta bai, aitzitik, lehiakide indartsurik.

Jeltzaleetariko asko eta ez ziren hauek ez gutxienak ez ezteusenak Arana-Goiriren esanei men eginez, euskal Estatu autonomo bakoitzean bertako euskalkia garatzearen aldeko ziren.

Horixe zen, esate baterako, Zubietak 1910ean Euzkadi aldizkarian azalduko zuen eritzia, Euzkeltzale-Bazkunakoek 1916an plazaratutako Sobre la unificación del euzkera liburuxkan aldarrikatuko zena edota Manuel de Egileorrek Euskaltzaindiak 1920ko Abenduaren 26an egin batzarrean adieraziko zuena.

Ez zen hau, jakina, jeltzale guzti-guztien aburua eta salbuespenik azpimarragarrienak Koldo Eleizalde bergararra edo Perderika Belaustegigoitia laudiarra, oso jeltzale ezagunak biak, genituzke baina bai, zoritxarrez, multzo hazi batena.

Gipuzkera osotuak, bestalde ez zuen Iparraldera hedatzea erdietsi.

Mugaz handiko gehientsuenek, hizkuntz arazoez arduraturik zeudenetarik noski, nafar-lapurtera literarioari atxikirik ziharduten, hortik goragoko bestelako auzi eta korapiloei ezikusi eginez.

Azkuek, bigarrenik, ez zuen gipuzkera osotua bere ondorengoek erraz ikasi eta irakatsi ahal izateko moduan arautu eta sistematizatu.

Zabala zen berak ezarritako bidea, zabalegia ere bai ondorengoentzat, (...).